Azpeitia 1310ean sortu zuen Castillako Fernando
IVak. Baina beste izen batekin ekin zion historiari herriak: "Garmendia
de Iraurgui" izenarekin bataiatu zuen erregeak. Urtebete beranduago,
"Salvatierra de Iraurgui" izena jarri zion errege berak, eta 1397ra arte
ez da Azpeitia izenik ageri. Urte horretako Getariako Batzar
Nagusietako dokumentuetan azaltzen da aurreneko aldiz Azpeitia izena,
"Ayzpeitia" hobeto esanda. XVI. mendera arte herria izendatzeko izen bat
nahiz bestea erabiltzen dira dokumentu desberdinetan, eta baita
"Urazveitia" ere.
Azkoitiarekin batera, Iraurgi bailaran
feudalismoak indar handia izan zuen
eta jauntxo askoren bizitoki izan zen. Horregatik arreta berezia
eskaini zioten erregetzatik ere. Urola, Deba, eta Oria bailarek
komunikazio bide garrantzitsua osatu zuten, eta bide horretatik egin zen
erret bidea. Arrasatetik Getariara joan behar zuten bidaiari orok
erabiltzen zuen erret bide hori.
Bandoen arteko gatazkek zuzen-zuzenean jo zuten
Azpeitia, Oñaz sendiak euren etxea bertan baitzuten. Ganboatarren eta
oñaztarren arteko borrokek Loiolako lur ugari zapaldu zituzten XIII eta
XIV. mendeetan.
XVIII mendea krisi eta aldaketa sozial garaia izan
zen Gipuzkoan, eta baita Azpeitian ere. Matxinada ugari izan zen
herrian, eta aldaketa ugari ere bai. XVI eta XVII. mendeak burdinolen
urrezko aroa izan ziren Azpeitiarentzat, eta hamaika baino gehiago ziren
Urrestilla inguruetan kokatuta egon zirenak. 1718an erregeak aduana
Ebrotik Biriatuko mugara aldatzea erabaki zuenean izan zen aurreneko
matxinada edo altxaldia.
Handiena, ordea,
1766an izan zen. Gariaren
salerosketa liberalizatzea erabaki zuen Carlos V.a erregeak. Ordurako
haragia eta beste hainbat produkturen salerosketaren gaineko hainbat
neurri ez herrikoi hartuak zituen, eta herritarrak altxatzea erabaki
zuten. Udal iraultzailea sortu eta ezartzea lortu zen. Erantzuna
berehala iritsi zen, ordea, eta bost egun beranduago Donostiatik
iritsitako tropek iraultzaileak atxilotu zituzten.
Burdinolen herentzia egun ere nabari da Azpeitiako
ekonomian. Garai bateko burdinolek eman diote egungo metalgintza
industriari indarra eta sustengua. Metalaren ondoan, egurraren sektorea
da Azpeitiako industriaren beste oinarrietako bat.
Hori idatzitako historiari dagokionez, Azpeitia eta inguruetan aurkitu diren aztarna arkeologikoek
prehistorian lur hau gizakiaren kokaleku aspalditik izan dela erakusten baitute.