Azpeitia herri festazalea dela ez dago ukatzerik. Bertan
ospatzen diren jai ugarien egitaraua ikusi besterik ez dago hori
baieztatzeko. Egutegiko jai nagusiak Sansebastianak, Sanignazioak,
Ihauteriak eta Santotomasak dira, baina ez dira bakarrak. Gure txoko
bazterretako jaiek ere festa eta jai giro paregabea eskaintzen
dute, festa nagusien ondoan zer ospatua badela erakutsiz. Urrestilla,
Loiola, Aratz Errenka, Nuarbe, Mantxinbenta, Oñatz, Lasao, Sanjuandegi,
Elosiaga... txoko bazter horietan ere izaten da zer ospatua eta zer
ikusia.
FESTA NAGUSIAK
SANSEBASTIANAK (urtarrilak 19-20)

Festari urtarrilaren 19an ematen zaio hasera, Helduen
Danborradarekin. Zortzirehun pertsona baino gehiago izan ohi dira
partaide ekitaldi ikusgarri honetan. Hurrengo egunean, San Sebastian
egunez, Txikien Danborrada izan ohi da ekitaldi nagusia, 400 neska eta
mutikok osatua, hainbat taldetan banaturik. Azpeitiko festarik
herrikoiena eta partehartzaileena da.
INAUTERIAK

Jaiak Inauteri igandean hasi ohi dira, “txikiteo
elegantea”rekin. Egun batzuk lehenago kaldereroek egindako
iragarpenaren ondotik, zain zain egoten dira Azpeitiarrak egun
horretarako. Herritar asko eta asko jantzi ohi da garai bateko soineko
eta jazki apainekin, kalean gora, kalean behera pasiatzeko, antzinako
antzera. Astelehen eta asteartean ere festak jarraitu egiten du eta
sokamuturrak, sokako zezenak, eta mozorroek hartu ohi dute herria.
SANINAZIYUEK(Uztailak 30-Abuztuak 2)

Uztailaren 30ean, eguerdiko 12:00etan, suziri handia
lehertzen denean zeruan, hiru egun eta lau gau hartzen dituen
festaldiari ematen zaio hasera. Herri bazkaria, musika emanaldi
desberdinak, zezenketak, bakailao txapelketa, su festak, umeen eguna...
urtetik urtera egutegi zabal eta anitzagoa izaten da herriko festa
nagusienetan.
SANTOTOMASAK (abenduak 21)

Gabon jaien atarian egin ohi den festa-egun erakargarria
dugu, neurri handi batean baserri munduari lotua. Barazki, fruta eta
lore lehiaketak egin ohi dira eta herriko Enparantza Nagusian txozna
ugari jarri ohi da. Txistorra, talo eta gainerako mokadutxo goxoak
dastatzeko aukera izango dugu, ttuntturroak, trikitixaren soinuak eta
bertsolaririk ospetsuenen abestiak lagun ditugula. Egun horretan bertan
izaten da Azpeitian egiten diren Euskadiko Euskal Antzerki Topaketen
azken ekitaldia ere.
AZOKAK
BASERRITARREN EGUNA (uztaila)
Santiago egunaren bueltan (uztailak 25) abeltzaintza eta
baserritarren eguna izaten da Azpeitian. Eskualdeko ganadu lehiaketa,
eta sagardo eta gazta erakusketa eta lehiaketa egiten dira herriko
plazan, eta modu tradizionalean erretako txahalkia eta hegaluzea
dastatzeko aukera izaten da.
AZOKA HERRITIK( ez du data zehatzik)Astebukaera honetan bigarren eskuko gauzen azoka egoten da eta dendariek stocka egiten dute.
ARDO DASTAKETA (urria)
Azpeitiko ardoaren eguna gero eta indar handiagoa hartzen
ari da. Udazkenarekin batera, gero eta upategi gehiago dira Azpeitiok
plazan euren postua jarri eta euren ardoa dastatzeko aukera eskaintzen
dutenak. Dastaketa batetik bestera, giro paregabea sortzen da Azpeitiko
plazan egun honetan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario